2011/06/08

NAVARRA PEQUEÑA HARROBIAREN ZABALPENA

2011ko maiatzaren 12an Langraitz Okan Navarra Pequeña izeneko harrobiaren zabalpenaren inguruan I. Foro Partehartzailea egin zuten. Horra Arabako Natur Institutuko bi kide (Izaskun Aguirre eta Jaime Ortiz de Urbina) bertaratu ziren. Foroak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoan 4 hizlari osasunari kalteaz, Subilako akuiferoaz, lurralde antolakuntzan mantendu beharreko parte hartze prozesuaz eta ingurumen eraginari buruz mintzatu ziren. Ingurumen eraginari buruzkoa Jaimek azaldu zuen.
Navarra Pequeña harrobia errekuperatu berria den El Torco harrobiaren atzean dago. Langraitzetik apenas ikusten da baina tamaina eskerga du. Ustiaketa epea 2017an bukatuko da baina hain erritmo biziz ustiatu duten ezen harria 2012ra arte besterik ez baitzaien geratzen. Horri aurre egin nahian Hormigones y Minas enpresak Iruña Okako Hiri Antolamendu Plan Nagusia (HAPN-PGOU) delakoaren borradoreari iradokizuna egin dio eta udalak onartu ere bai. Iradokizunak inguruko lurren sailkapen urbanistikoa aldatzea eskatzen du, harrobia zabaldu ahal izateko. Zabalpenak gaur egungo hedadura hirukoiztuko zuen 850.000 m2 izan arte. Indarrean dauden Arau Subsidiarioen arabera lur hori berreskuratu beharreko baso eremu babestua da.

ANIren ponentzian Badaia mendizerraren balioa azpimarratu zen; han dagoen artadi heldua Habitat Zuzentarauaren zerrendan agertzen delako, Arabako paisaia berezia izendatuta dagoelako eta Euskadiko Natur Korridoreen Sarean ‘Lotura Eremua’ eta ‘Amortiguazio Eremua’ kalifikazioak dituelako. Era berean Euskadin kare harrien ustiaketan jasangarritasun ezaz hainbat datu eskaini genuen. Beste hizlariek gai honen inguruan parte hartzearen garrantziaz, hauts partikula txikiek sortzen dituzten osasun kalteez, eta Langraitz hornitzen duten iturrietan gerta daitezkeen ondorio txar larriez berba egin zuten.

Bigarren zatian, Batzorde Administratiboetako presidenteek, zinegotziek eta alkatetzarako hautagaiek parte hartu zuten. Lehenago aipatutako eragineei men egin gabe haien arteko ustelkeria eta koherentzia faltaz elkarri leporatzen hasi zitzaizkion. Aretoa leporaino beteta, publikoak bere haserrea erakutsi zuen eta proiektuaren kontra mintzatu zen.


Argibide gehiago: sakatu hemen.

Testua: Jaime Ortiz de Urbina

Gu

Instituto Alavés de la Naturaleza-Arabako Natur Institutua (IAN-ANI) kultura- eta zientzia-elkartea da, irabazasmorik gabekoa; 1988an sortu zen legez (elkarteen erroldan: A/1287/88), 1973tik jadanik Agrupación para el Estudio y Protección de la Naturaleza en Álava (AEPNA) baldin bazegoen ere, horren aitzindari zuzena. 1997ko martxoan, gainera, gure elkarteak onura publikorako adierazpena jaso zuen.

Artxibategia

Bilatu

Cargando...