2011/06/29

TXIMELETEN ARTEAN

Joan den ekainaren 5ean Armentiako basora irteera egin genuen EAEko eguneko tximeleten jarraipen-programaren metodologia ezagutzeko asmoz eta, bide batez, Gasteiz inguruko ropalozeroak ezagutzeko.

Eguraldi-aurrikuspenak batere baikorrak ez baziren ere, goizeko hamarretan hamar entomologo egoskor bildu ziren Armentiako basilikan. Prudentzio Deunak, oskarbi ez, baina gutxienez euriari hodeietan eustea lortu zuen. Hori eta partehartzaileek intsektu heliofilo hauek harrapatzen jarritako adorea nahikoa izan ziren hainbat espeziez gozatu ahal izateko. Batez ere, pierido, lizenido eta satiridoen familietakoak.

Berehala, eguneko (ropalozeroak) eta gaueko (heterozeroak) tximeletak antenen formari erreparatuta bereizten ikasi genuen. Gerora, eguneko tximeleten familia nagusiak ezberdintzen hasi ginen.

Espezie komunenak eta handienak ere erraz samar ikasi genituen, hala nola: Melanargia galathea, Maniola jurtina eta Pieris rapae eta beste txikiago batzuk ere bai.

Azkenean, hogei bat espezie inguru atzeman genituen, horien artean Heteropterus morpheus, Laeosopis roboris edo Issoria lathonia bezalako politak. Era berean, entomologoen grina eta ahalegin aparten ondorioz, erruz edo, sare entomologikoan eroritako bestelako intsektu ederrez gozatu ahal izan genuen, hala nola, makil intsektu atsegin bat.

Bukatzeko kaña bat Armentiako tabernan eta denok poz-pozik gure artean egondako giro apartagatik eta goizak emandako guztiagatik.


Testua: Raul Martínez
Argazkiak: Carolina Larrosa

Gu

Instituto Alavés de la Naturaleza-Arabako Natur Institutua (IAN-ANI) kultura- eta zientzia-elkartea da, irabazasmorik gabekoa; 1988an sortu zen legez (elkarteen erroldan: A/1287/88), 1973tik jadanik Agrupación para el Estudio y Protección de la Naturaleza en Álava (AEPNA) baldin bazegoen ere, horren aitzindari zuzena. 1997ko martxoan, gainera, gure elkarteak onura publikorako adierazpena jaso zuen.

Artxibategia

Bilatu

Cargando...