2011/06/29

ZUHAITZ BEREZIAK ZERRENDATZEN

Arabako Foru Aldundiak Arabako zuhaitz berezien zerrenda osatuagoa egiteko enkargua eman die Marta Villota eta bere lankideei. ANIren laguntza eskatu du eta hainbat bazkidek informazioa bidali du.

Zer da zerrendagileentzat zuhaitz berezia? Bada, hainbat arrazoirengatik ohiz kanpokotzat edo deigarritzat jo daitekeen zuhaitz edo zuhaitz-multzoa. Ez dago irizpide bakarra. Irizpide-multzo bat kulturazkoa da: zuhaitz batek bere historia, leienda edo berariazko izen herrikoia izan dezake, nolabait interes etnografikoa. Botanika aldetik (ohiz kanpokoa delako edo ohiz kanpoko lekuan kokatuta dagoelako) interesgarri izan daiteke. Garapenagatik ere interesgarri suerta daiteke: bereziki handia edo zaharra delako edo alea ongi orekatua edo egitura dotorekoa delako (edo justu kontrakoa!), adibidez. Azkenik, zuhaitz-multzoek ere erakar dezakete zerrendagileen interesa. Aleak berezkoak edo sarraraziak izan daitezke, lur publikoetan edo ortu pribatuetan.

Edozein modutan ere, mendi-ingeniaria izanik, Martaren perspektiba paisaiarena da: analisiaren aldetik, naturaren berezko unitatea paisaia da beretzat; horren barnean gizakiaren eta naturaren berezko lotunea banan-banako zuhaitza da.

Orain arte, Izkiko parkea eta Arabako lautadaren ertzetako aldapak jorratu ditu nagusiki. Igandean, adibide konkretu batzuk ikustearren Martarekin joan ginen Gorbeiako parkera, interesa izan dezakeen toki bat erakustera: Murua herriskaren ondoan izan ginen, Gorbeiako bidean, bertan dauden inausitako aritz-multzo bat eta gaztainondo-landaketa ikusten eta, ale deigarri batzuen kasuan, enbor-zirkunferentziaren eta zuhaitz-adaburuen eta altueren neurriak hartzen.

Gero Sarriako parketxean, bertako basozain batekin Martak prospekziorako egoki izan daitezkeen parkearen hainbat gune zedarritu ahal izan zituen.

Interesa baduzu ezagutzen duzun zuhaitz(-multzo) bat kontuan harrarazteko, oraindik garaiz zabiltza horren berri ANIra pasatzeko: ez ahaztu koordenadak ematea!


Testua: Nick Gardner
Argazkiak: Bego Silva

Gu

Instituto Alavés de la Naturaleza-Arabako Natur Institutua (IAN-ANI) kultura- eta zientzia-elkartea da, irabazasmorik gabekoa; 1988an sortu zen legez (elkarteen erroldan: A/1287/88), 1973tik jadanik Agrupación para el Estudio y Protección de la Naturaleza en Álava (AEPNA) baldin bazegoen ere, horren aitzindari zuzena. 1997ko martxoan, gainera, gure elkarteak onura publikorako adierazpena jaso zuen.

Artxibategia

Bilatu

Cargando...