2011/10/20

ISTORAKO TROKARTEA

Den-dena deskubrituta dagoeneko eta edozein lekutara iristea erraza deneko gure munduan benetako plazerra da urik gabeko ibai baten ibilguan barrena ibiltzea, bertatik urak berak eraman berean, lagun maitagarri batek, Gorka Belamendiak, eramaten gaituenean.


Eskailera eta arrantzaleen botak gurekin eramanda, bideari ekin diogu, abentura txiki bat izango dugulakoan. Baina Arabako eskualde lehorrenean negu lehorrak bizpahiru putzutxo baino ez dizkie utzi txantxikuari bere errunaldia egiteko edo buztanikara horiari bere kolorea harri lehorretan luzitzeko.



Lurra bistatik galdu gabe ibiltzen gara, gogortxoaren (Viburnum tinus), mitrearen (Myrtus communis) eta zuhandorraren (Cornus sanguinea L.) adarren azpitik makurtuz. Piskanaka, ibilgua estutuz doa putzu sakon-lehor batera iritsi arte: eskaileraren eta -lagunekin joanda, jakina- esku baten laguntzaz pasa gara.



Ordurako, txepetxaren eta txinbo kaskabeltzaren kantek jakinarazten digute leku horretaz guk baino gehiago dakitela: jadanik alde eginda dagoen arrano beltza ikusia dute eta haitz-enararekin behin baino gehiagotan egin dute topo.



Arte urtetsuetan izkutaleku ederrak dituzte; horien enborrak zerurantz doaz, animalia handien hankak edo salomondar kolomak bezala. Horietako baten batetik, ibaiaren bihurgune batean, izkiñosoek eta okil berdeak beren lumatxoak bota dizkigute: beren leku santua urratu baino lehen alde egin dezagun nahi zuten. Rosalia alpina ederrak ere gure urratsak behatu ditu.



Abantaila izan zaigu urik gabeko ibaitik ibili izana –bidean lehortuta aurkitu dugun apoak seguru asko ez zen iritzi berekoa izango-, nahiz eta gustura bainatuko ginen bukaeran. Putzu eder baten falta, Orbisuko iturriak eta garbitegiak freskatu gaituzte.



Bizitzaren metaforatzat har dezagun ibaia: bidea zenbaitetan harriz beterik izan arren, gogoarekin, bazkari eta konpainia onarekin ez dago gaindiezinezkorik. Eskerrik asko Briani hau guztia abiatu duelako.



Testua: Arantxa Marcos

Argazkiak: Brian Webster

Gu

Instituto Alavés de la Naturaleza-Arabako Natur Institutua (IAN-ANI) kultura- eta zientzia-elkartea da, irabazasmorik gabekoa; 1988an sortu zen legez (elkarteen erroldan: A/1287/88), 1973tik jadanik Agrupación para el Estudio y Protección de la Naturaleza en Álava (AEPNA) baldin bazegoen ere, horren aitzindari zuzena. 1997ko martxoan, gainera, gure elkarteak onura publikorako adierazpena jaso zuen.

Artxibategia

Bilatu

Cargando...