2011/10/20

Obarenes mendiak, ureztaturik

Atari zabalean ekitaldia antolatzen duenarentzat meteorologi aurreikuspen txarra berririk kezkagarriena da. Bizi-iraupenezko mekanismo bati eutsirik, antolatzailea fio behar da aurreikuspen hori ez dela beteko edota sateliteek aurreikusten duten baino lehenago pasako dela depresioa. Patua, zoritxarrez, idatzita egon ohi da: euria egin behar badu, irteera-egunean eta hasiera-orduan zerutik euri-jasak eroriko dira eta antolatzailea, otzan, saihestezinekoa pairatuko du.


Urriaren 8an, ANIk deitutako talde bateko kide adoretsuok Humión mendira (1.435 m), Obarenes-eko altuenera, igotzen saiatu nahi genuen. Mendilerro horren orientazioak, ekialdetik mendebalera hain zuzen, Burgoseko iparraldeko eta EAEko beste hainbatekin batera, bere eginkizun ekologikoa berrindartzen du, hegaztien eta mendi-ugaztunen faunarentzat korredorearena egiten baitu ipar iberiarraren hiru banaleku nagusien artean: Kantabriar mendikatea, Pirinioak eta Iberiar mendikatea. Erdi-mailako mendiaren sastrakak eta bazkalekuak, tradizionalki suak eta abereen aginek bere hartan gordeak eta are indartuak, bestelako komunitate zoologikoen bizileku dira, ibarraren ertzen eta hondoaren basa- eta nekazal inguruekin konparaturik. Hegatxabalak, txirtak, belatxingak eta tuntunak dira bertako espezietako batzuk; migrazio-garaian zerrenda horri erantsi behar dizkiogu aranez eta galbuluez elikatzeko hurbiltzen diren birigarro-andanak eta pasean aritzen diren harrapakariak, fringilidoak, usoak eta antzarrak. Espezie enblematiko mehatxatuei dagokienez, ugatza eta eper grisa kasu, Obarenes mendiak izan ziren ugalketako azken lekuak –XX. mendearen erdialdera– horiek gaur bizirik irauten duten goi-mendietara murriztu aurretik.



Seguruena da Juanitok Manaslun pairatutakoarekin konparagarria ez izatea ANIrek espedizioak Humiónen igoeran pairatutako egoera, baina, era berean, laino itxia eta euri jarraia ez dira hegaztiak behatzeko baldintza egokienak. Ausardi goresgarriaz, txangozaleok 1.333 m-ko markara iritsi ginen eta, ondoren, jaitsiera zuhurrari ekin genion, gure baitan bi kontutan asebete eginda: batetik saiatu izana eta bestetik hegazti-kantuak lantzeko ikastaroan aldeko eguraldiarekin Aratzera igotzeko hiru saio behar izan zirela jakitea. Beste aukera bat izango dugu, zerua gure alde.



Testua: José María Fernández García

Argazkia: J. J. Frías

Gu

Instituto Alavés de la Naturaleza-Arabako Natur Institutua (IAN-ANI) kultura- eta zientzia-elkartea da, irabazasmorik gabekoa; 1988an sortu zen legez (elkarteen erroldan: A/1287/88), 1973tik jadanik Agrupación para el Estudio y Protección de la Naturaleza en Álava (AEPNA) baldin bazegoen ere, horren aitzindari zuzena. 1997ko martxoan, gainera, gure elkarteak onura publikorako adierazpena jaso zuen.

Artxibategia

Bilatu

Cargando...