2011/11/14

NAVARRA PEQUEÑA, BERRIRO

Azkenik, SALBAIA (Salvemos la Sierra de Badaia) elkartearen bi kideri esker Navarra Pequeña harrobia ikusi ahal izan dut, bai ustiatuta dagoena eta bai enpresak ustiatu nahi lukeena (ikus aurtengo ekaineko blog-sarrera). Urriaren 24an, Martak eta Isidorok udazkeneko itxurako arratsaldean Olabarri auzotik mendi aldera eraman naute, lehendabizi bide-zidorretatik eta utzitako soroetatik martxan dagoen harrobiaren zuloa ikustera eta gero, herriskarantz bueltan, zulatu nahi den artadia gozatzera.

Ez zen huts-hutsean bisitaldi turistikoa: Arabako Foru Aldundiak halakoetan egin ohi duen bezala, ANIri iritzia eskatu dio. Nire helburua Jaime Ortíz de Urbinarekin batera ANIren erantzuna osatzeko behar ziren hainbat daturen bila joatea zen.

Azal dezagun, beraz, justu-justu non gauden harrobiaren zabalkundea baimentzeko edo ukatzeko oraingo prozesuan.

Enpresa ustiatzaileak hala eskaturik, hiri-antolamendu plan nagusia (sigletan HAPN, baina askotxori PGOU erdal laburtzapena ezagunagoa egingo zaio) berritzeko proposamenean Langraitz Oka udalak Navarra Pequeña harrobia nabarmenki handitzea onartu du, orain arte indarberritu beharreko baso babestua harrobigai bihurtuz.

Ingurumenean eragina duen beste edozein proiektutan edo planetan bezala HAPN hori (eta horren barruan bereziki azaldu berri dugun aldaketa-proposamena) ingurumen-inpaktuaren ebaluaziotik pasa behar da.

Hona hemen, oso grosso modo, halako ebaluazio baten urrats nagusiak:

1. Proiektua edo plana aurrera eraman nahi duenak ebaluatzailearen aurrean, kasu honetan Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren aurrean, aurkezten du proiektua.

2. Ebaluatzaileak hainbati galdetzen dio ingurumen-inpaktuaren azterlanak kontutan zer hartu behar duen, zer aztertu edo neurtu behar duen: aurretiazko kontsultetarako aldia da hori, ohiko argotean.

3. Iritzia eskatu zaien entitateek erantzuna aurkezten dute.

4. Erantzunak jasota, ebaluatzaileak bultzatzaileari jakinarazten dio zer aztertu behar duen.

5. Bultzatzaileak azterlana prestatzen du.

6. Azterlan hori publikoan jartzen da eta interesa dutenek beren aldeko eta kontrako alegazioak aurkez ditzakete.

7. Informazio guztia aztertuta, ebaluatzaileak ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematen du, positiboa edo negatiboa.

8. Adierazpena positiboa bada eta kontua auzitan bukatzen ez bada, bultzatzaileak proiektua edo plana aurrera eraman dezake.

Burokratiko xamar irudituko zaio bati baino gehiagori agian, baina halakoxea da ebaluatze-prozesua: pausoz pauso egin behar dira txostenak eta oharrak, iritzi sarritan kontrajarriak jasoz eta elkarrekin neurtuz. ANIk aurkeztu berri duen dokumentua prozedura horretan guztian, beraz, hirugarren urratsaren zati txiki-txiki bat baino ez da. Aurreraxeago egokituko zaio ANIri, HAPNa jendaurrean jartzen denean hain zuzen, iritzia emateko aukera.

Ez da bukatzen hor kontua: udalari HAPNen aldaketa hori egitea onartuko balitzaio, orduan harrobiko enpresak bere ustiaketa-proiektu zehatza aurkeztu beharko luke: proiektu horrek ere arestian adierazitako zortzi urratseko prozeduratik berriro pasa beharko luke.


Testua eta argazkiak: Nick Gardner

Gu

Instituto Alavés de la Naturaleza-Arabako Natur Institutua (IAN-ANI) kultura- eta zientzia-elkartea da, irabazasmorik gabekoa; 1988an sortu zen legez (elkarteen erroldan: A/1287/88), 1973tik jadanik Agrupación para el Estudio y Protección de la Naturaleza en Álava (AEPNA) baldin bazegoen ere, horren aitzindari zuzena. 1997ko martxoan, gainera, gure elkarteak onura publikorako adierazpena jaso zuen.

Artxibategia

Bilatu

Cargando...